Argisaingo Santa Marina Eliza
Argisaingo Santa Marina Eliza
Itxura erromanikoa duen eraikin hau, Santa Marina auzoan kokatzen da, zeina oso garrantzitsua izan zen, bide nagusi bat bertatik pasatzen zelako, eta inguruko herriko erreguteak bertako baselizan izaten zirelako. Auzo honetan dagoen Santa Marina Haundi baserria ere aipatzekoa da, aintzina peregrinoen hospitala izan baitzen. Gaur egun ere XII. edo XIII. mendeko sarrerako portada erromanikoa gordetzen du, bere buruan “Inri P.Miguel de Eceiza Sª Marina” dioen hareharrizko gurutze bat duelarik. Erdialdeko erretaulak gurutze bat gordetzen duen tenplete xume bat du. Bigarren nibel batean bi zutabeen artean Santa Marinaren irudi bat kokatzen da. Eskuinaldeko erretaulan, korintiar zutabeen artean, Loiolako Inazio Deunaren irudia (gainera bizarrik gabe) eta azpian sagrario bat ikus ditzakegu. Ezkerraldeko erretaula San Migelen izenean eraikia dago. Koruaren azpian bataiarri bat eta hiru irudi daude: San Isidro Laboraria, San Luis Gonzaga eta San Joserena. Donostiako Gotzaindegiaren Museoan tenplu honetako XVI. mendeko zilarrezko eta urrezko kaliza gordetzen da.
Ohiturak dioenez baseliza Santa Marinaren irudia agertu zen leku berean kokatzen da. Auzotarrek eliza bat egitea pentsatu zuten eta hau Bidanitik Albiztur eta Goyazera doan bidegurutzean eraikitzen hasi ziren. Baina gau guztietan materialak desagertu egiten eta beste leku batean agertzen ziran. Jaungoikoaren abisua zela eta kokaleku berri horretan eraiki zuten eliza.
Eliza honen lehenengo idatzizko aipamena mendikateko kontzejuek eta Pedro Iñigez de Albisuk 1353.ean sinatu zuten konpromisoan agertzen da, baina ordura arte ere “mendikate” hau osatzen zuten Goyaz, Errezil, Beizama, Bidania eta Albizturko herritarrak beraien errogatibak edota letaniak bertan burutzen zituzten. XVIII. mendeko idatzi batek honako hau esaten du: "Esta capilla se hizo a honor y gloria de Nuestro Señor Jesucristo y de la Santisima Virgen su Madre, de la Bienaventurada Santa Marina siendo fraile Fr. Martín de Urcasoro y monja Marina Larrañaga, año de mil quinientos cincuenta". “Santa Marina Elizaren Zerbitzariak” ziren Fray Juan de Mendaro eta Fray Garcia de Zumarragak 1431.ean Goyazen eta Bidanian lur zati batzuk erosi zituzten. Seguru aski garai honetakoak dira Santa Marinako lehenengo eraikinak. XVI. mendearen erdialdean elizan obra garrantzitsuak egin ziren.
1573.ean baselizaren serora bezala Catalina de Urcasoro izendatua izan zen. Izendapenaren ekitaldian errektoreak bere eskua hartuz baselizako aldarearen kantxelaren barruan sartu zuen, ondoren etxera joan eta giltzak eman zizkiolarik. 1595.ean SERORA kargu bezala Marina de Erausti izendatu zuten, berau Santa Marina baserrian bizi behar zuelarik “baserritarrari enbarazurik egin gabe, anai bezala” . Hamar urte geroago serora etxearen arotz lanerako Martin de Urreta izendatu zuten. 1774.ean baselizaren dorrean ordulari bat jartzen saiatu ziren. Londonetik ordulari berri bat ekartzea pentsatu zen. "Un reloj de bronce que tenga péndola larga a la holandesa y en cuadro tres cuartos de vara tanto de alto como de ancho, que tenga piñones abiertos a lima en lugar de linternas con horas y medias horas de toque con ruedas fuertes y escapes que puedan levantar el mazo de siete a ocho libras...". Azkenik errentaren diru zati bat erabiltzeko elizaren baimena lortu zuten, hau bai ordulari merkeago bat erosteko bakarrik. Ordulari berri hau Pedro Jose de Muñoa Tolosarrak burutu zuen.
Bertan jaiak uztailak 18an ospatzen dira, meza nagusia, herri kirolak eta musika egoten direlarik. Igande eta Jai egunetan eguerdiko 12:30etan meza.
Guardar